XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi bejetariano bikain

Adolf Hitler bejetariano porrokatua zen.

Jeanette Barkas-en The Vegetable passion (London, 1975) liburuak dioenez, bere ohizko errejimena gozo (kopuru handietan), fruitu eta leketan oinarritzen zen.

Bere plater gustokoenak alkatxofa-bihotzak kremara, arraultz errusiarrak eta azaloreak ziren.

Hitler-en bejetarianismoa Richard Wagner-en ereduan inspiratzen zen.

Honek egungo gaitzen parte handi bat okelaren kontsumoari egozten zion.

Hitlerrek Rauschning-i aitortu zionez, Gure zibilizazioaren dekadentziak, neurri handi batean, sabelean du jatorria; idorreria kronikoa, humoreen pozoinketa, alkoholismoaren ondorioak.

Fûrerrak belarjaleen indar fisikoan zinesten zuen eta piano oso bat berak bakarrik eraman zezakeen dieta bejetarianodun porteatzaile turkoaren irudia aipatuz laketzen zen (ez dakigu zertarako porteatu nahi zuen pianoa, jotzen ez bazekien).

Hitler-ek, era berean, ganaduek landa-gai ziren lurretan egindako kalteak salatzen zituen: Naturak erakusten digu, errejimen arrazional bat janari gordinen kontsumoan oinarritu beharko litzateke (bitxia, ezta?).

Hala ere, hiltegi baten deskripzioarekin txunditurik geratzen zen bejetariano artega horrek, ez zuen dardar egin milioika lagun-urko gas-kamaretara bidaltzeko orduan.

Bere garaiko zenbait mogimendu bejetarianoetako batzuk lagundu zioten Hitlerri boterera heltzen.

Baina gero, euren aurka jarri zen eta elkarte bejetarianoak ere deuseztu zituen.

Hala eta guztiz, bejetarianorik gehienak bizi ahal izan ziren nazien diktadurapean, baina euren artean ez zen sortu hiltleriar basatikeria salatzeko mogimendurik (eta bai, ordea, bibisekzioaren kontrakoa...).

Ez da, beraz, kasualitatea talde bejetariano ugarik ideologia nazi edo ultraeskuindarra izatea.

Bejetarianismoa, sarritan, kontzepzio mistiko eta erlijioso zenbaiti lotua joan ohi da; biologismo kezkagarri baten eskutik joan liteke edota ideologia liberal batean integratu liteke baita ere (Gandhi- ren kasua Indian, beste bejetariano bikain bat).

Ispilu distortsionatzailea

Khruschev diktadore errusiarra Parisa joan zen batean margolaritza modernuko erakusketa batetara joan zen.

Agidanez, kultura gutxiko gizona zen eta estetikaren eta edertasunaren zentzu-arrastorik ez zuen.

Baina gonbidatu zuten eta joan egin behar, Erakusketan pintura handiak zeuden.

Khruschevek, haietako bati begira, Ez dut ulertzen, Itsusia da, esan zuen.

Erakusketa-gida zuen gizonak, arte kritikari ospetsu bat, Hau Picasso bat da eta mende honetan gertatutako gauzarik ederrenetako bat da, baina ulermena behar da. Ez da edozeinek entenitzeko moduko bezain arrunta. Zure zentzu estetikoaren, sentsibilidadearen maila igo beharko zenuke. Orduan bakarrik ikusiko duzu zer den erantzun zion.

Jarraitu egin zuten. Khruschev gaizki sentitzen hasi zen.

Ezin zuen imajinatu halakorik gerta zekiokeenik.

Izan ere, Errusian ez zitzaiokeen gertatuko.

Inongo kritiko edo artistak ez zukeen adorerik izango ulermena falta zitzaionik esateko.

Orduan, hurrengo margoaren aurrean geraldia egin, sakon-sakon begiratu une batean eta Hau ere Picasso bat dela uste dut esan zuen sobietarrak.

Kritikoak, berriz, Sentitzen dut, jauna, hau ispilu bat da soilik. Zeure burua ikusten ari zara berorretan...

Horrelakoa da bizitza

Txito bat oilategian zegoen, Buda bat bezalatsu, eserita eta munduan kezka bakar bat ez balitz bezala.

Orduan, derrepentean, gizon bat agertu zen. Txitoa beldurtu da eta ihes egin zuen.

Itzuli zenean, gizona aldeginda zen, baino arto-ale batzuk zeuden oilategiaren atarian.

Txitoa pentsatzen jarri zen, gaiari bueltak ematen.

Kuriositate zientifiko bat iritsi zen bere garunera. Nondik etorria zen arto hori?

Gero, hurrengo egunean, gizona agertu zen berriro.

Txitoak ospa egin zuen berriz ere; itzuli da eta, gizona joana da iada, baina berriro artaleak han ziren.

Egia esan, erlazioren bat bazen gizonaren eta artoaren artean. Baina pentsalari zientifiko bat ondorio batetara iristeko azkarregia zen.

Teoria bat ontzeko konpromisoa ez zuen hartu nahi hain laister, hainbesteko presarekin.

Itxaron egin zuen beraz, zientzilari bat izan behar zuen benetan.

Itxaron eta itxaron, eta egunero gauza berdina suertatzen zen.

Orduan, piskanaka bere garun ttikian teoria bat joan zen gorpuzten: kausa/ondorio erlazio bat bazen: gizona azaltzen zenero azaltzen zen artoa.

Gizona zen kausa, artoa ondorioa. 999 aldiz gertatu zen.

Behar-beharrezko erlazioa zela ondorioztatu zuen; orain erabat segurua zen. 999 aldi nahikoa zen.

Esperimentatu, begiratu eta ikusi zuenarekin nahikoa zuen, salbuespenik gabe gertatzen zela esan zezakeen... legeren bat izan behar zuen.

Erabat zoriontsu sentitu eta gizonari itxaron zion. Eta hau, milagarrenez, iritsi zen.

Txitoa (bere ustez, baino ez: oilasko edo oilo? zaharra zen dagoeneko; gaur egun lehenago hazten dituzte azpiproduktu, e.a.-ekin!) gizonarengana inguratu zen bere adeitasuna eskertzeko. Eta honek lepoa bihurritu zion.

Paul Tergeist